Azaroa, abendua eta urtarrilean zehar herrietako kanporaketak burutzen ari dira, 2020ko otsailaren 29an zazpi herrialdetako kanporaketak (Informazioa barnean) eta 2020ko martxoaren 14an, final nazionala Arabako ZIGOITI udalerriko GOPEGI herrian
ABIAN DA EUSKAL HERRIKO XII.MUS TXAPELKETA
zazpi herrialdetako muslariak batzen dituen nazio txapelketako herriz herrikako fasea azken txanpan da.
AURREKO TXAPELKETAK:
2019ko martxoaren 16an Nafarroa Garaiko Lizarran jokatu zen azken finalean, Nafarroan geratu zen Euskal Herriko txapela. Iruñeako MIKEL GOÑI eta DANI ZUNZARREN gailendu zitzaien Legazpiko JOSEBA TELLERIA eta JOSEBA GABILONDOri. Gipuzkoarrak bigarren urtez lortu zuten bigarren postua. 3.postua Ibarrako JABI REZOLA eta ASIER ARISTONDOrena izan zen eta 4. postuan Ametzagako JOSE LUIS BASTIDA eta NATXO RUIZ. Informazio guztia hemen.
Final nagusiaz haratago zazpi herrialdetan ere kanporaketak antolatu ziren eta hori hala izan zedin, herriz herri ehunka izan ziren Euskal Herriko Mus Txapelketako lehen fasean parte hartu zuten euskal herritarrak.
ZERGATIK, EUSKAL HERRIKO MUS TXAPELKETA?
Euskal Herrian ohikoenetakoa den mahai jokoa izanik eta mus txapelketa ezberdinak antolatzen direla ikusirik, Euskal Herri osoko muslariak bildu eta antolatzeko helburuari ekin genion.
Bide honetan sortu genuen Euskal Herriko Mus Federazioa. Zazpi herrialdetako muszale eta muslariez osatzen da eta gure herriak bizi duen zatiketa administratiboaz gaindik, nazio bakar gisa antolatu eta garatzen dugu gure jarduna eta aldi berean nazio kontzientzia indartu.
Musean jokatzeko dauden modu eta ohitura ezberdinei lekua eskaintzen diegu herrietako kanporaketetan eta ondoren guztientzako joko arau eta irizpideak bateratu eta bat eginik antolatzen dugu Euskal Herri osoko txapelketa.
HERRIZ HERRI, HERRIALDEZ HERRIALDE
Garrantzi berezia eman nahi diogu txapelketaren zabalpenari, ahalik eta herri gehienetan antolatu nahi dugu herrietako kanporaketa eta horretarako norbere herrian edonork lagundu diezaguke txapelketa antolatzen. www.ehmus.eus webgunea bisitatu edo gurekin harremanetan jartzea nahiko du, guk zonaldeaz arduratzen den federazioko kidearekin lotuko dugu eta musaren amarauna josten eta zabaltzen jarraituko dugu.
Dagoeneko Euskal Herriko Mus Txapelketako finalak 7 herrialdeak bisitatu ditu eta aurten Arabara itzultzen da, zehazki ZIGOITI udalerriko GOPEGI herrian burutuko da. Finala 2020ko martxoaren 14an ospatuko da eta egun horretarako musa eta jaia uztartuko dituen egitaraua prestatuko dugu eskualdeko herritarrek eta udalak lagunduta.
Euskal Herriko Mus Federaziotik, Euskal Herri luze zabalera parte hartzeko deia luzatzen dugu. Txapelketa antolatzen den lekuan musean eginaz eta aurreko urteetan antolatzera iritsi ez garen lekuetan, indar berezia egin nahi dugu, norbere herrian kanporaketa antolatzeko prest legokeen bolondresak gurekin harremanetan jartzera deitzen ditugu txapelketa zabaldu asmoz.
INFORMAZIO OROKORRA eta DATUAK
Dagoeneko abian da Euskal Herriko IX. Mus Txapelketa nazionalerako kanporaketa eta. Hemen dituzue nazio mailako mus txapelketaren xehetasun nagusiak..
PARTE HARTZEA: Iazko txapelketan, Euskal Herri osoko 220 herri ingurutan jokatu zen txapelketako lehen konparaketa, gutxi gora behera, 4.400 pertsonek parte hartu zuten, aurreko urteetako datuak gogoratuko ditugu:
• 2009ko txapelketan 1.120 bikotek parte hartu zuten mus txapelketan.
• 2010eko txapelketan 1.800 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
• 2011ko txapelketan 2.200 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
• 2012ko txapelketan 2.250 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
• 2013ko txapelketan 2.060 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
• 2014ko txapelketan 2.125 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
• 2015eko txapelketan 2.100 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
• 2016eko txapelketan 2.050 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
• 2017ko txapelketan 2.040 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
• 2018ko txapelketan 2.150 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
• 2019ko txapelketan 2.300 bikotek parte hartu zuten txapelketan.
Euskal Herriko zazpi herrialdetako edonork parte hartu dezake txapelketan. Bere herrian antolatzen den lekuan izen eman edo agertzearekin eta bikoteko 20 euro ordaintzearekin nahikoa du.
Azken urtean gazte eta emakumeen parte hartzea indartzen ari da. Lanean jarraituko dugu joera hau indartu eta zabaldu dadin.
ZABALPENA: Gutxi gora behera Euskal Herri osoko 220 herritan jokatzen da Euskal Herriko Mus Txapelketa. Bere herrian txapelketa antolatu nahi duenak aukera du webgunean zehazturiko pausoak emanaz.
SARIAK: 50.000 euro baino gehiago banatzen dira sarietan. Parte hartzaile bakoitzak oroigarria jasotzen du. Hemen dituzue sari garrantzitsuenak:
• TXAPELDUNAK: Txapela, garai ikurra, 3.000€ eta nazioartera* bidaia lau lagunentzat. (*KARIBERA dena barne)
• TXAPELDUN ORDEAK:Garai ikurra, 1.500€ eta bi lagunentzat nazioartera* bidaia. (*KARIBERA dena barne)
• 3. BIKOTE SAILKATUA: 750€ eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat
• 4. BIKOTE SAILKATUA 500€ eta Euskaraz ikasteko urte osorako 2 matrikula.
• 5.etik 8.era SAILKATURIKO BIKOTENTZAT 250€
• 9.etik 16.era SAILKATURIKO BIKOTENTZAT 100€
• HERRIALDEKO FINALETAN Txapelak, garai ikurrak, asteburuko egonaldiak, bazkari eta afariak...
• PARTE HARTZAILE BAKOITZARENTZAT kamiseta bat parte hartzea eskertzeko.
DATAK eta EPEAK: Azaroa, abendua eta urtarrilean herrietako kanporaketak burutuko dira, 2020ko otsailaren 29an zazpi herrialdetako kanporaketak eta 2020ko martxoaren 14an, final nazionala Arabako ZIGOITI udalerriko GOPEGI herrian
HERRIALDETAKO KANPORAKETAK: 2020ko otsailaren 29an ospatuko dira.
• Arabako herrialdeko kanporaketa: KANPEZUko, Ibernaloko Landetxean goizeko 10:00etan.
• Bizkaiko herrialdeko kanporaketa: BERMEOko, Kabidxe Zentro Soziala da 10:00etan.
• Behe Nafarroako herrialdeko kanporaketa: LASAn Etxoinia ostatuan, 15:00etan.
• Gipuzkoako herrialdeko kanporaketa: SEGURAn, Baratze frontoian, arratsaldeko 15:00etan.
• Lapurdiko herrialdeko kanporaketa: URRUÑA-PAUSUko Xaia ostatuan 10:00etan.
• Nafarroa Garaiko herrialdeko kanporaketa: IRUÑEAn Alde Zaharreko Arrano elkartean 8:30etan
• Zuberoako herrialdeko kanporaketa: BARKOXEko Chilo ostatuan 20:00etan.
INFORMAZIOAREN JARRAIPENA WEBGUNEAren BIDEZ
www.ehmus.eus webgunean aurkitu daiteke herrietako informazio oro bai eta txapelketan parte hartzeko behar den guztia. Txapelketaren antolakuntzan parte hartu nahi dutenek ere bertan aurkitu ahalko dituzte antolakuntzarako irizpide guztiak.
Euskal Herrian, 2020ko urtarrilaren 21ean.