Aurtengo mus txapelketan, 200 herri baino gehiagotan jokatu dira kanporaketak eta 2.000 bikote inguruk parte hartu dute. Hemen duzue Agurainen martxoaren 9an burutu zen nazio mailako finalaren kronika.
Agurainen burutu zen Euskal Herriko V. Mus Txapelketako finala. Goizean goizetik giro bikainaz gozatzeko parada izan genuen. Muslariak nahiko goiz hasi ziren iristen eta izena ematearekin kafe bero bat zuten zain.
Iparraldeko muslariak izan ziren iristen azkenak, izan ere autobusez etorri ziren eta mugaz bestaldeko hiru herrialdetako muslariak bildu eta Agurainera ekartzea ez da pentsatzen den bezain erraza, egunaren amaieran egindako esfortzuak balio zuela erakutsi zuen. Autobusez eraman bai zituzten txapelak eta garai ikurrak.
Egunari hasiera emateko ekitaldia burutu zen Andra Mari plazan.
Bertan Maider Garcia Aguraingo Alkateak egin zien lehen harrera egin zien zazpi herrialdetatik etorritako 128 bikoteei. Jarraian Euskal Herriko Mus Federazioko kideek hartu zuten hitza, Euskaraz, Gazteleraz eta frantsesez aldarrikatu zuten Euskal Herriko muslariak garela, zatiketa eta banaketa guztien gainetik nazioa osatzen dugula.
Zazpi herrialdetako txapeldunak oholtzan zirela agurra dantzatu zieten herriko dantzariek eta jarraian txistuaren doinupean, kalejiran abiatu ziren parte hartzaile guztiak Ikastolara. Bertan guztia prest zegoenez azken oharrak aipatzearekin hasi zen nazio mailako lehia.
Bitartean herrian giro bikaina sortu zen, artisau erakusketa, haurrentzako jolasak, dultzainero eta soinujoleak, eta nola ez urtero legez Kuxkuxtu txarangak alaitu zituen bazterrak. Eguerdian Agurain Kantuz taldearen eskutik girotu ziren bazterrak.
Ikastolan berriz, lehen fasean, ligilla eran jokatu zuten, lau bikoteko taldeak osatuta zeuden eta elkarren kontra aritu ziren 32 bikote garaile atera arte. Jarraian mus azkarra abiatu zen eta lehen kanporaketa burutu zen 16 bikote sailkatuaz. Azken hau ohitura legez nahi baino gehiago luzatu zen eta arratsaldeko 15:00ak iritsi ziren bazkaltzen hasterako.
Kantu eta algara artean bazkaldu genuen, bai txapelketan sailkatu zirenak, bai eta museko finala ikustera gerturatu zirenak ere. Giro bikainaz gozatu genuen nahiz eta 16:30etan bikote sailkatuak mahaitik altxatu behar izan genituen txapelketari ekiteko.
Batzuk bazkalondoaz gozatzen zuten bitartean, Euskal Herriko 16 bikote muslari onenak Potro elkartean arratsaldeko saioari ekin zioten. Saio luze eta intentsoa izan zen arratsaldekoa.
Iluntzeko 19:00ak inguruan hasi ziren finalaurrekoak eta Behe Nafarroako bi bikote, bikote bizkaitar bat eta xiberutar bikotea ziren lehian. Azkenean Alez Duke eta Jose Luis Enbeita aulestiarrak gailendu zitzaizkien Dominic eta Iban Etxegoienberri xiberutar aita-semeei.
Alboko mahaian Behe Nafarroako bi bikote lehia bizian. Batetik Baigorriko Juanikotena anaiak dagoeneko Behe Nafarroako txapeldunak eta bestetik Aiherrako Seillan eta Ochagaray. Azken hauek bi eta hutseko abantaila izateraino aurreratu ziren eta ondoren tantoz tanto eta zorte izugarriarekin harrapatu eta pasa zituzten, Juanikotena anaiek irabazi arte.
Partida amaitzean, sari banaketaren tenorea heldu zen. Deitu ahala igotzen ziren eskenatokira, muslariak irabazitako sariak jasotzera. Juanikotena anaien txanda heldu zenean jendetza bildu zen plazan. Alkatearen eskutik jaso zuen txapela eta federazioko kideen eskutik garai ikurra, diru saria eta Karibera bidaia.
Baigorriko anaiek mikrofonoa hartu zuten eta bertaratutako guztiei beren eskerra agertzeko zazpiak oihal batetik abestu zuten. Amaitu ezinik, Euskal Herritik joan behar izan dutenen omenez, Kaxianoren abestiarekin amaitu zuten bertaratutakoekin batera.
Federazioko kideek txapelketaren antolakuntzan auzolanean aritutakoei eskerrak eman eta datorren urteko finala Heletan, Behe Nafarroan izango dela aurreratuz amaitu zuten ekitaldia.
Jaiak bere horretan jarraitu zuen goizaldeko ordu txikietararte, bertsotabern eta DJ Elvis Cainorekin.
Euskal Herriko Mus Txapelketako lehen zortzi bikoteren sailkapena:
1 -. Pantxoa Juanikotena eta Joan Juanikotena Baigorri (Behe Nafarroa)
2 -. Hubert Seillan eta J.Batiste Ochagaray Aiherra (Behe Nafarroa)
3 -. Alex Duke eta Jose Luis Enbeita Aulesti.(Bizkaia)
4 -. Donimic Etxegoienberri eta Iban Etxegoienberri Udiñarbe (Zuberoa)
5 -. Jean Batist Battite eta Peyo Dutrey Donapaleu (Behe Nafarroa)
6 -. Pello Exposito eta Beñat Duhalde Urruña. (Lapurdi)
7 -. Juan Luis Perez eta Ramon Rodriguez Beasain (Gipuzkoa)
8 -. Alenjandro Parro eta Jesus Cabria. Artziniega. (Araba)
LOTURAK: