Giro paregabean gauzatzen ari da Lekitton abian den Euskal Herriko VII. Mus Txapelketa. Dagoeneko muslariak hasiak dira enbidoka. Goizeko 9etan hasi da izen ematea, ondoren ekitaldia eta txisturaliek gidaturik merkatu plazara iritsi dira zazpi herrialdetatik iritsitako muslariak. Momentuan Lekeitioko merkatu plazan ari dira taldekako fasean. Hemen dituzue orain arteko argazkiak eta kronika txiki bat.

Goiztiar iritsi dira lehen muslariak, izen emateko mahaia ordua baino lehen zabaldu behar izan du antolakuntzak.  Izen abizenak konfirmatzearekin 2015eko kamisetak jaso eta kafea hartzeko aukera izan dute muslariek.

9:30ak pasatxo zirela iritsi da Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako muslariak zekartzan autobusa eta hauek iristearekin hasi da ekitaldia Lekeitioko Independentziaren enparantzan.

Lekeitioko Alkatearen agurra jaso dute zazpi herrialdetatik bertaraturikoek eta jarraian herrialde guztietako txapelak irabazi dituztenak deitu dituzte oholtzara. 

• ARABAtik JUAN CARLOS BOLINAGA eta JUANMA BALLEJO amurrioarrak
• GIPUZKOAtik IÑAKI CRUZ eta JOSEBA IRIZAR urretxuarrak
• NAFARROA GARAItik IDOIA AUZA eta MIGUEL LOIDI jauntsarats-darrak
• LAPURDItik LADEVEZE eta IRRIGOTEN lekornearrak
• BEHE NAFARROAtik IBARROLA eta IBARROLA bidarraitarrak
• ZUBEROAtik MIKAEL ARRICAU eta SALLABERENBORDE urdiñarbearrak
• BIZKAIAtik ANGEL ABOITIZ eta AITOR OKAMIKA bedaronarrak

Euskal Herriko Mus Federazioaren izenean Xabier Albizuk hartu du hitza, hemen duzue adierazpena osorik:

Hasteko eta behin zorionak guztioi, bai hemen goian zaudetenoi nahiz gaurko finalera sailkatu zaretenoi ere. Zazpigarrenez Euskal Herriak hordago!

Euskal Herri osoko muslariak biltzea ideia eta asmo izatetik, ohitura bihurtu dugu. Zazpi herrialdetako muslariak herri gisa aritzeko eta lotzeko helburuarekin antolatu dugu Euskal Herriko Mus Txapelketa zazpigarrenez.

Emeki-emeki Euskal Herrian bizi dugun zatiketa gainditu eta bide berriak josteko sortu genuen Euskal Herriko Mus Txapelketa. Horregatik antolatzen dugu herriz herri eta auzoz auzo.

Euskal Herria zazpi herrialdez osaturiko nazioa da. Nortasun eta nazio identitate propioa duena eta bere buruaren jabe izan behar duena.

Gaur gaurkoz, egitasmo honekin, egungo administrazioek jarririko mugak gainditu eta euskal herritar gisa, bat eginik aritzeko aukera ematen digu Euskal Herriko Mus Txapelketak. Bide horretan euskaldunok batzen gaituenari heldu eta indarrak biltzeko garaia da.

Bide horretan mus txapelketa hau, ahalik eta herri eta auzo gehienetara zabaldu nahi dugu, horretarako zuen laguntza eskatzen dizuegu, ziur gaude zuetako batzuen herrietan oraindik ez dela mus txapelketa antolatzen eta alboko herrietara mugitu behar duzuela.  Ba datorren urterako animatu zaitezke eta jarri gurekin harremanetan.  Guk lagunduko dizuegu oso modu errazean zuen herrian txapelketa antolatzen. Horretarako egun osoan zehar zuen izena eman dezakezue edo informazioa eskatu antolakuntzako mahaietan.

Hemen duzue gure ekarpena, ehunka euskal herritar musean, mugaz gaindik, nazio bakar gisa eta bere etorkizuna eskuetan hartu nahi duen herri gisa ari gara.

Amaitzeko zorte on guztioi eta onenak irabazi dezala!

Amaitzeko agurra dantzatu zaie herrialdetako txapeldunei eta txistulariek gidaturik merkatu plazara zuzendu dira muslariak kalejiran. 

Momentu honetan, merkatu plazan tantoak garesti daude, giroa goxo eta lagunartea nagusi.
 

Egunean zehar ateratako argazki guztiak FLICRen aurkituko dituzue eta zuzeneko jarraipena twitter-etik jarraitu ahalko duzue.